Irudi hau ikusi dudanean, bere barnean sartzen ahalegindu naiz (pintorearen aldean). Bakardadean, aspergarritasunean, leihora begiratzen dut, landan edo leku apartatu batean egonez gero, inguruko zuhaitzak haizearekin nola mugitzen diren behatzen egoten naiz, ordea, hirian edo mugimendu askoko leku batean banago, kanpoaldera begiratu eta kaleko bizitza begira geratzen naiz, zerbait interesantea iruditu arte, aurkitu ezean gehiago aspertzen naiz.
Pintura honetan, nire berdina gertatzen ari zaiola pentsatu dut hasieran. Hau da, aspertuta dago eta leihotik begira ari da zerbait entretenigarria aurkitu nahian. Pinturarekin isladatu dut nire burua. Gaua da, lokartzeko ordua, ezin dut lorik hartu, leihora begiratzen dut, parean bizi den auzokidea dantzan ari da, bereahala interesa pizten zait.
Baina nire barnean bigarren pentsamendu bat sortu da, ez hain inozentea, baizik eta beldurgarria. Irudian ageri den emakumearen paperean sartu naiz. Nire logelan nago, gauzak egiten, agian dantzatzen, edota gela jasotzen. Bereahala burutik pasatu zait norbait begira egon zitekela, leihora begiratu dut, eta norbait ikusi dut niri begira. Beldurra sentitu dut.
Nire ustez, pintura honek horrekin jolastu nahi du. Beldurgarria da? Edo akzio inozente sinplea da? Agian ez du nahi jolastu, ikusi duena adierazi nahi du soilik, edo ez, irudimenean duen zerbait adierazi du.
Irudiak leihoaren barruan gertatzen den ekintza bat erakusten du, honen perspektibak, margolanari bolumen izugarria ematen dio, errealitatera eramanez. Kolore argi eta ilunekin nola jolasten duen gustatzen zait.
Pinturak berak ez nau liluratzen, ez da bereziki niri gustatzen zaidan pintura estilo mota, kontatu nahi duen historiak interesatzen zait, pintorearen pentsamenduan sartzea, sentitzen dagoena sentitzea. Nolabait ekintza interesgarria delako, edota ni ere batzutan horrelako kuxkuxera izan ahal naizelako. Beraz, bere biografia irakurtzera abiatu naiz, bertan, esaldi batek nire atentzioa piztu du:
“Sarritan, bakardadearen gaia ere jorratu zuen, hiriko espazioen berri eraikitzearekin batera.”.
Edward Hopperren Biografia
Hemen argi utzi digu bakardadearen gaia jorratu nahi izan zuela margolan honekin. Bakardadea sentitzen zuen? Zer da bakardadea sentitzea? Berdina da bakardadea sentitzea edo bakarrik egotea? Nire buruan mila galdera sortzen dira. Bakardadea sentitzea ona edo txarra zen beretzat? Ni ere askotan bakarrik sentitzen naiz, batzutan gustoko dut eta beste batzutan bat ere ez. Berdina gertatzen zitzaion berari? Eta horren kasuan, gustora zegoen momentuan eta txarto zegoen momentuan margotzen zituen margonalak? Edo bietan?
Argi dago, galdera hauen erantzunen jakin mina izan arren, ez dudala margolariaren aldetik inolako erantzunik jasoko, beraz, bakardadea niretzako zer den pentsatzen hasi naiz. Bereahala konturatu naiz bakardadea sentitzea gutxien gustatzen zaidan sentimendua dela. Askotan pentsatzen dut, eta askok esan didate, ez dakidala bakarrik egoten, ikasi beharra dudala. Baina bakarrik egotea eta bakardadean egotea ezberdina da. Nik onartzen dut bakarrik egotea niretzako izan ahal dudan sentsazio txarrena dela, baina bakardadean egotea, momentu askotan oso gustuko dut. Beraz, zertarako ikasi behar dut bakarrik egoten? Zergatik ez da esaten: jendea bilatzen ikasi behar duzu, lagunak bilatzen, balio duten pertsonak aurkitzen. Nik hauek, zorte onez, beti izan ditut eta beti bilatu izan ditut leku guztietan, beraz, zertarako bakarrik egoten ikasi, lagunak egiten eta zure burua zabaltzen ikasi ahal duzunean, eta erreztasuna duzunean.
