Nik Iban Zaldua Gonzalezen “Erdizka esnatzen hasi denean” narrazio testua aukeratu dut. Autore hau, ipuingintzan nabarmena da (Donostian jaioa, 1966). Ipuin euskaldunak (1999) izan zen euskaraz argitaratu zuen lehen lana. Ondorengoak dira Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001), Itzalak (2004), Etorkizuna (2005), besteak beste. Harenak dira Euskaldun guztion aberria nobela eta Euskal literaturaren alde (eta kontra) saiakera ere. Historia ikasitakoa da, eta Volgako Batelariak blog literarioaren kideetako bat izan zen. Gaztelaniaz ere idatzi izan du. Guzti honez gain, gaur egun, Ekonomiaren Historia irakasle ere bada Letretako Fakultatean eta Gasteizen bizi da.
Zehazki nik aukeratutako ipuin laburra, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018an argitaratua) liburuan kokatzen da. Bertan, ipuin honez gain, beste 31 ipuin dira, gehi kontrazalean doana. Txalaparta.eus Web orrialdean honela deskribatzen du Iban Zalduaren ipuin sorta: “Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta guztietan ere egilearen trebezia: egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak, fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak… Fikzioaren festa bat, azken batean.”. Honekin lotuta, nik nire sentsazioak izan ditut ipuin hau irakurtzen nindoan bitartean; istorioa aurrera joan ahala, pixkanaka-pixkanaka gertaera dramatikoak eta erakargarriak agertuz doaz, geroz eta ustekabe handiagokoak. Nolabait, nahigabe ipuinean sartu naizela sentitu dut. Horregatik, puntu honen eragina izan da nire aukeraketaren arrazoi garrantzitsuena.
Ipuina hiru zatitan banatuko nuke. Lehenik, lehen orrialdea: bertan, egoera deskribatzen du, gizon eta emakume bat Maider izenekoa, ohean besarkaturik daude, eta begiak letrekin batera doazen einean egoera aldatzen doa, gizonaren mugikorrak jotzen du, eta hau aurkitzen dagoela bukatzen da orrialdea. Gero eta jakin-min gehiago piztu zait bien arteko erlazioa nolakoa den eta mugikor horretan zer gertatzen den jakiteko. Zati hau asko gustatzen zait, nolabait, idazleak egoera zehatz mehatz deskribatzen du, irakurlearen buruan sortzen den eszenari ezaugarri txikienak emanez.
Bigarren zatia gutxi gorabehera bigarren orrialdea dela esango nuke. Gehiena bikotearen arteko elkarrizketa da, gizonezkoa deia hartzera doanean, bibrazioa isildu egiten da. Maiderrek, beste Alba baten izena aipatzen du haren deia izango delakoan. Gizonak gezurra esan omen dio Albari, zehazki, lankideekin afaltzera joan dela. Baina, konturatu da deika ari dena bere alaba Uxue izan dela, behin baino gehiagotan deitu dio baina ez da konturatu orain arte. Momentu honetan honako xehetasun bat ageri da gizonaren hitzetan: “Albari dagokio ardura… Bazekiten ni kanpoan nengoela…” beraz hemen argiago ikusi dut egoera. Alba, gizon horren neskalaguna edo emaztea da eta alaba bat dute. Maider beraz, maitalea izango litzake. Beraz, zati hau oso garrantzitsua da, pertsonaia bakoitzak gizon honekin duen erlazio mota zehazten delako. Horrez gain, Uxueren deien arrazoia jakiteko kuriositateak hor jarraitzen du.
Eta hirugarrenean edo azkenean gainontzeko dena sartuko nuke. Uxuek aitari bortxatua izan dela kontatzen dio, beldurturik dago eta salaketa jartzera doa. Aita berehala altxatu eta janzten da, nahiz eta Maiderrek laguntzea ideia txarra dela iruditu, azkenean onartu egiten du. Bidean dijoazela elkarrizketa bat dute; Maiderrek ospitalera joateko eta ez Ertzaintzara adierazten dio, hauek kritikatuz. Gizona harriturik geratzen da Maiderren dakien guztiaz, beraz, bera ere bortxatua izan zela kontatzen dio bere maitaleari. Azkenean, istorioa Maider gizona lasaitzen dagoen bitartean bat batean Albaren deia jasotzen duenean amaitzen da. Beraz, azken atal honetan gehiago murgilduz, nire ustez, bortxaketen aurrean, Ertzaintzak duen jarrera salatu nahi du idazleak, baita sozietate injustu honetan emakumezko izateagatik dagoen arriskua.
Ondorioz, istorioa bukatzean xehetasun batzukin konturatu naiz. Idazleak, ipuinean lau pertsonaia aipatzen ditu, Gizonezko bat eta hiru emakumezko. Azken hiru hauek izena dute (Alba, Uxue eta Maider), eta gizonak berriz ez. Beraz, iruditu zait nahiz eta ipuina gizon ikuspuntutik idatzia izan, azkenean, emakumeek hartu dutela indar guztia. Nolabait idazleak sozietate matxista batean jartzen gaitu eta era berean, emakumeen egoeran eta bizipenetan sartzea du helburu. Pertsonaien jarrera ere ezberdintzen du; Gizonaren papera inozentearena da, inoiz bizi izan ez duen pertsona batena (orokorrean errealitatean gertatzen den moduan). Eta emakumeena berriz, horrelako asko bizitakoarena eta gertaera horiek bizi behar dutenaren papera nolabait.